“Eta ura bidean” Urtzi Urrutikoetxearen artikulua

Laurehun urte bete dira aurten, lehen euskal gramatika idatzi zuen pertsona jaio zela. Abandon sortu zen Rafael Mikoleta. XXI. mendean, historian beste inoiz baino euskaldun gehiago ditu Bilbok. Eta hala ere, atzera doa. Egia da bilbotar euskaldunen kopuruak gora egin duela, duela mende laurden baino nabarmen gehiago entzuten dugula kalean, eta aurrera goazen mezua hedatzen dela. Ikusteko moduak dira, noski.

 

Baina Euskal Herriak egin duen apustuan, euskaraz biziko den etorkizuneko herrian, atzean geratzen ari da metropoli nagusia. Gasteizek izan duen progresioa nahi dut –gutxienez–, non zegoen duela 30 urte, Bilbo baino nabarmen erdaldunago, eta zelan ari den euskalduntzen.

Rafael Mikoletak jaso zuen euskara hura, Bilboko berezitasunik handienetakoa beharko lukeena, iritsi da XXI. mendera. Ez inork babestuta edo bultzatuta, inongo erakundek esan nahi dut. Begoñaldean, Arbolantxan, Buian bizi izan diren azken euskaldunek ez dute kalerik, oroitarririk, begirunezko ekitaldirik jaso; gehien jota hizkuntza museoko pieza gisa gordetzeko ikerketaren batera mugatu dira ahaleginak. Eta ikerle horien eta euskaltzale askoren esker ona. Erakundeek aldetik, garai bateko zapalkuntzaren lekua utzikeriak hartu du, eta erabateko mespretxua. Gaurko hiria kudeatzen dutenek luze-zabal bilatzen dute nazioarteko onespena jaialdi eta ekitaldi arranditsuetan. Baina zer erakutsiko du kanpoan etxekoaz lotsa denak, etxeko ondare aberatsena gutxiesten duenak? Geratzen zaizkigun baserri bakanak, etxe soil barik bizimodu baten ondarerik biziena direla ulertu ezinean, hondora doaz, errepideek, metroak, etxe berriek, beti dago motibo ekonomikoren bat mendetako ondare bizia hiltzeko.

Urteotan jakin dugu euskarak uste baino luzeago iraun zuela aspaldi galdutzat jo genituen eremuetan. Euskara aski arrunta izan da XX. mende hasieran Gasteiztik dozena bat kilometrora. XIX. mendean badaukagu Gordexolako euskaldunen berri. Nafarroan euskarak 150 urteotan jasandako sarraski kulturalak gure hizkuntzaren tragedia handienetakoa da, oraindik indarrean dagoen helburu politikoa da. Horren aurrean, Bilbo dugu azken 30 urteotan etengabe alderdi abertzale baten esku egon den udalerri bakarra. Eta Bilbo halaber, euskarak ofizialtasunik daukan eremuetan, hizkuntza okerren tratatu duen udala. Merkatariei ingelesa ikas dezatela bultzatu dituzte erakundeek, baina lotsa ematen digu oraindik denda ezezagunean ″zenbat da?″ galdetzeak.

Frantsesarekiko liluran ama-hizkuntza ahaztu zuen alkatea daukagu, helduaroan euskaldundu diren milaka euskaldunentzat, irainik handienetakoa, hiriko buruzagi. Bilbo izena bera desagerrarazi digute, Euskaltzaindiari eta euskaldunoi entzungor, hiriko izen ofizial bakarra espainolezko bertsioa dauka, euskarazkoa behin betiko itzalpean jarrita. Eta geurea ere aitor dezagun, erakundeei kexatzera mugatu barik. Guraso asko ikusi ditut euskaraz ikastola bueltan, pixka bat urrundutakoan espainolera jotzen. Ez dugu asmatu konpromisoa hartzen, inguruko erdaldunak euskalduntzeko, euskararik jakin ezean euskaraz egitea ukatzen digutela ulertarazteko. Eta ikasi dutenei euskal ingurunea eskaintzen, ″beti erdaraz egin dugu eta zaila da aldatzea…″ Bai, erakundeotatik kanpo ere asko dago egiteko.

Brankatik hartutakoa

Utzi iruzkina