Jasotako isunak arbuiatu eta hizkuntza paisaia eraldatzera deitu du EHEk

Euskaldunon eskubideak aldarrikatzea garesti irteten da geure Herrian eta, horrela, “Ezabatu eta euskaraz bizi” ekimenaren baitako ekintzengatik isunak jasotzen hasi dela salatu du EHEk Iruñean egindako agerraldian. Altsasuko EHEko bi kidek 6.300 euroko isunari egin beharko diote aurre foruzainei euskaraz zuzentzeagatik eta seinaleak ezabatzeagatik. Arrosadiako beste bi kidek 300 euroko isuna jaso dute ezabaketak egin izana leporatuta.

Euskal Herriko paisaia linguistikoak erabat arrotza izaten jarraitzen duen honetan, herri euskaldunak bizi duen zapalkuntzaren mugak azaleratu, hizkuntza paisaia irauli eta berau kolorez zipriztintzeko deia egin genuen iragan azaroan Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragiletik, EZABATU ETA EUSKARAZ BIZI izeneko ekimenaren baitan.

“Dagozkigun eskubideak aldarrikatzeko ez dugula gauaren babesik behar” esaten genuen ekimena aurkeztu genuen egunean. “Irria eta lanerako arropak soinean hartu eta inposatzen diguten paisaia linguistiko erdalduna iraultzeko” deia zabaldu genuen orduan. Baita EHEren ikurra ahalik eta toki gehienetan zabaltzekoa ere, euskaraz bizitzeko bidea egiteko prest gaudela adierazteko. Euskal Herrian Euskaraz baino harago doan ekimena denaren jakitun, bertan parte hartzeko deia egiten genien herritarrei.

EHEren taldea dagoen herrietan, ezabaketak egiteko xedearekin ekimen ezberdinak burutu genituen: Iruñerriko bizikleta martxa, Gasteizko olinpiadak, Altsasu eta Durangoko kalejirak edota Etxarriko mendi martxa kasu, beste hainbaten artean. EHEko talderik ez den herrietan aldiz, ekimena norberak propio bihurtu eta hizkuntza zapalkuntzari margo eta koloreekin erantzuteko deia zabaldu genuen.

“Ziur gaudelako”, genion, “herri honen asimilazioa bideratzen duten lege zein politikak eta jokabide sumisoak   ezabatuz eta euskaraz biziz, Euskal Herri euskaldunerako bidea egiteko prest dela euskaltzale andana”. Eta halaxe ondorioztatu ahal izan genuen ekimenaren balorazioa egiterako orduan.

Ordutik bi hile pasa diren honetan, gure jarduna baldintzatu eta ekonomikoki ito nahi gaituen isunarekin egin dugu topo. EZABATU ETA EUSKARAZ BIZI ekimenaren testuinguruan egindako ekintza baten ordainetan, Altsasuko bi kidek 6.300 euroko isunari aurre egin beharko diote. Isuna jasotzea eragin zuten gertaerak azaltzeko, isunetako bat jaso duen Itziar Claver EHEko kidearen hitzak entzungo ditugu:

“Altsasun ere, euskalduna ez den paisaia linguistikoa dugu eta euskara 2. maila batean agertzen zaigu. Egoera eraldatu eta honen inguruko hausnarketa bilatu nahian, ezabaketak egiteari ekin genion, EZABATU ETA EUSKARAZ BIZI deialdiarekin bat eginez.

Herri sarrerako seinaleen parean geundela bi foruzain guregana korrika etorri eta identifikatzeko agindu ziguten. Nahiko modu txarrean, eta beraiek oso urduri egonda, galderak egiten hasi ziren (guk euskaraz eta lasaitasunez erantzuten genituenak). Foruzainetako batek ez zuen euskara ulertzen eta gazteleraz hitz egiteko agindu zigun, euskararekiko oso jarrera txarra adieraziz. Guk aldiz, berarekin harremana eten eta euskalduna zen foruzainarekin jarraitu genuen, euskaraz bizi nahi dugulako eta euskaraz egitea gure eskubidea delako.

Hala ere, beraiek ez zuten horrela ulertu eta desobedientziagatik 150 eurotako bi isun jarri dizkigute. Bestetik, beraien ustez, inolako arrazoirik gabe trafiko seinaleak eraldatzeagatik, beste bi isun sartu dizkigute, bakoitza 3.000 eurokoa.

Osotara 6.300 euroko isunari aurre egin beharreko egoeran gaude, euskaraz bizitzeko nahia adierazi eta horretarako saiakerak egiteagatik.”

Orain entzundako kasuari, garai berean Arrosadiako bi lagunek jasotako isuna ere gehitu behar diogu, erdara hutsez zegoen seinale bat ezabatzeagatik jasotakoa, noiz eta Iruñeko udalak hiriko seinaleak elebidunez egon behar dutela esaten duen mozioa onartu berritan.

Hauek ez dira kasu isolatuak ordea, eta antzeko ekimenengatik pareko zigorrak jasotzera ohitu gara, zoritxarrez.

Hala ere, gure pentsamolde eta jardunean berrestera gatoz. Euskarak menpeko izaera politiko eta soziala duelako oraindik ere bere lurralde osoan. Eta herri hau asimilatu nahi dutenei hizkuntza zein kultura ordezkapenarekin jarraitzeko edozein bide zilegi zaiela ematen duelako.

Asimilazio prozesua gelditzean jarri behar dugu lehentasuna, euskaldun bakoitzak bere aldetik, eta herri euskaldunak oro har. Euskarari lehentasuna emanez egin behar dugu bidea. Eta egoera iraultzeko bertatik bertara adostu eta sortutako hizkuntza-politika burujabea behar dugula aldarrikatu behar dugu.

Bide horri hauspoa emateko antolatu genuen EZABATU ETA EUSKARAZ BIZI ekimena, eta horretara gonbidatu nahi ditugu herritarrak gaur ere. Bizi dugun hizkuntza gatazkaren eta euskararen menpeko egoeraren aurrean, herri euskaldunaren zapalkuntzaren mugak irauli eta hizkuntza paisaia kolorez zipriztintzera.

Horrekin batera, isunen zigor ekonomikoa arintzeko eginen diren ekimenetan laguntzeko deia ere zabaldu nahi dugu.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s